XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Traidoreen zigorra ezarriko zioguk, gaizkile - esan zuen Patxik adierazpen ikaragarria jartzen -.

Goazemak oilategira eta han bilera egingo diagu.

Beraz, oilategirantz abiatu ziren Arturitori beso bietatik ondo eutsita, ezetz, utzi bakean, nazkante alenak, ez dudala joan nahi oilategira, amari ezango diot beztela, jipoi ederra emango dizue, bai horize!.

Baina alfer-alferrik: oiloen artean aurkitu arte ez zuten askatu, eta orduan ere hanka egin ez zezan begira.

- Gaizkileok, betirako eskarmentua eman behar zioguk Arturito traidoreari - esan zuen Patxik ahots beteaz.

- Zergatik diok gaizkileok, Patxi? Nirekin bakarrik ari haiz eta.

Patxik begirada bihurri bat bota zion.

- Bandaren buruzagia nauk eta banda buruzagi guztiak horrelaxe mintzatzen dituk.

- Bai zera horrelaxe, nik dakidala, bakar batekin arituz gero singularra duk, eta ez plurala.

- Baina hemen berrogei gaizkile geundela egiten diat, lerdo hori.

- Lerdoa heu izango haiz, gramatikarik ere ez dakik-eta.

Patxik beste sesio bat hasteko tentazioa sentitu zuen, baina Arturito ikusteak txoriaren arazo gorria gogorarazi zion.